XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) oso atsegin zituzten euren fakultateko mutil ikastunei falta zitzaizkien ezaugarri nagusiak: gorputz ederrak, gihar sendoak, kemen handia, autoestima gogorra...

Eta, bestalde, Heziketa Fisikoko mutilek bizikiro estimatzen zuten euren inguruan ikusten ez zutena: neska txukunak, ondo apainduak, janzkera dotorekoak eta abar.

Egoera hura, beraz, aproposa zen bi karrera haietako partaideen artean harremanak sortzeko; eta sortu ziren, ugari gainera.

Horretarako hiru topagune nagusi zeuden.

Lehenengoa liburutegia zen.

Hantxe egoten ziren Farmaziako neskak ordu libre gehienetan, liburuen aurrean, euren karrera oso gogorra baitzen, egunero ikasi beharrekoa, esaten zutenez.

Eta hantxe egoten ziren, halaber, EKIko hainbat mutil; libururik gabe azken hauek, besoak gurutzatuta neskei begira, euren karrera ez baitzen lar gogorra, eta azterketa bezperan txuleta bat edo beste egitea nahikoa izaten baitzen gehienetan aprobatzeko.

Amankomuneko liburutegi xelebre hartan egoten ziren, beraz, denak batera, batzuk ikasi nahi eta ezin, eta besteak ikasi nahi ez eta txutxumutxuka edota elkarrizketak sortzeko ahaleginetan.

Bigarren topagunea zentroko taberna izaten zen.

Toki hura EKIko mutilen eremua zen, eta hantxe egoten ziren ordu libre zein eskola ordu gehienetan, karta jokoan, futbolinean jolasten nahiz berriketan.

Eta haraxe joaten ziren, lantzean behin, Farmaziako neskak katetxoa hartzera, liburutegiko ikasketa ordu luzeen artean atsedenaldi txikia hartzearren.

Eta barrako txoko baten kafea hartu bitartean, txutxumutxuka jarduten zuten berauek ere, praka labur eta elastiko tirantedunez jantzita izugarrizko ogitartekoak jaten zituzten EKIko mutil lerdenei zeharka begira.